Berraragitze kasu bat, Jordi Grieraren eskutik.
Marionak, nire seme-alaben amak, ezkondu ginenetik orain dela hamabost urte, amets errepikakorrak izaten zituen. Goizetan esaten zidan: «bart amets horietako bat izan dut», eta kontatu egiten zidan. Ezohiko errealismodunak ziren, ez zen beti berdina izaten, baina duela mende batzuetako inguruneetan kokatzen zituzten elementu komunak zituztenak ziren.
Batzuetan berak, gutun sekretu batzuk eramaten zituen kale hutsetan zehar, gauez eta argirik gabe; Konspiratzaile batzuentzat zirela uste zuen, ezkutatu egiten zen eta. Beste batzuetan, marmolezko estatua zurizko katedral baten kripta bat ikusten zuen, edota bere burua damasko izugarri aberatsez apaindutako eliza erromaniko handi eta ilun baterako eskailerak jaisten ikusten zuen, edo klaustro batean zegoen, edo erromesaldi batetan oinez ibai baten ertzean, astoekin eta «oso antzinako eta sinple» jantzita, ibaia zeharkatzen, bideko kobazulo batean lo eginaz, sumendi inaktibo baten ondotik igarotzen, etab. Beste gau batzuetan okre koloreko etxeak zituen herri bateko kaleetan barrena zebilela amets egiten zuen, Piamontekoak edota Lombardiakoak bezalakoak. Hiru muinoren artean kokaturiko haran batean zegoen Trinitate Santuari eskainitako ermita bati buruz hitz egiten zuela ere oroitzen dut.
Urte hartan, oporretan bere ametsen antza zuen lekuren baten bila joatea proposatu nion. Sumendi bat ikusten zuenez, lehen toki bezala, Kataluniar Garrotxako Santa Paura joatean pentsatu genuen. Joan ginen, baina, beste elementuetariko bat ere ez genuen aurkitu; Ripolleko monasterioa bitxi bat da, baina bere ametsetako eliza erromaniko handi hura baino askoz txikiagoa da, eta hemengo elizetara igo egiten da, eta ez dira eskailera batzuk jaitsi behar izaten haietan sartzeko. Rodako San Pedroko hondakinak bisitatu genituen, Albera gainean dagoen katedral sinestezin bat, Pirinioek Mediterraneoarekin bat egiten duten tokian, eta Alexandre Deulofeuk Europako lehen tenplu erromanikoa izan zela esan zuena. Hau ere ez zen eliza hura.
Orduan, Italian pentsatu genuen; sumendiak daude, ez bakarrik Vesubio, eta badira okre koloreko etxeak ere. Bertara bidaia bat antolatu genuen auto-karabana berri batekin eta gure hiru seme-alabak gurekin eraman genituen. Ventimiglian edo Portofinon bere ametsetakoak bezalako kaleak ikusi genituen, «okre seriekoak», XVIII. mendeko Italiako hirietan kokatu zitezkeenak. Italian ez genuen aurkitu bere ametsetako tamainako edota ezaugarrietariko eliza erromanikorik «elizak eta sumendiak».
Amore ematekotan geunden, egun batean amaginarrebak deitu zigunean. Ama Birjina beltzen oso debota zen, ez dut esango haiek biltzen zituenik, baina bai denak non zeuden jakiteaz arduratzen zela. Egun hartan Le Puyn Ama Birjina beltz bat zegoela irakurri zuela eta hori non zegoen galdetzeko deitu zigun.
Googlerik gabe, Internet jaio baino bost urte lehenago, horrelako galdera batek entziklopedia eta bide-mapetara jotzea suposatzen zuen. Le Puy edo Puèi eta bere Ama Birjina beltza, Okzitaniako Auvernia (Auvergne) aldean kokatu genituen, eta… ileak ere tente jarri zitzaizkigun: Le Puyko eliza erromanikoa da eta, Auvernia guztia eliza erromaniko handiz beteta dago, eta sumendien lurraldea ere bada.
Ez genien oporrei itxaron; hiru egun izan genituenean, 1987ko martxoaren 16an, Frantziara joan ginen. Irten aurretik, ordea, koaderno txiki bat eman nion eta amesten zituen gauza batzuk ahal bezain zehatz marrazteko eskatu nion. Elizaren oinplanoa, sartzen zen atearen kokapena eta aldarea marraztu zituen. Beste marrazki batean zirkuluerdi batean estatuak zituen kripta bat zegoen, marmol zuriz eginak zeudela esaten zuen berak. Eskuinean zegoen ate batetik sartzen zen kriptara, ibaira begira dagoen absideari begira jarri ezkero.
Michelin Gidaren laguntzaz El Puy eta Clermont-Ferrand arteko eliza erromaniko nagusiak kokatu genituen, guztiak ama birjina beltzekin, eta banan-banan bisitatu genituen.
Lehenengo nabaritu genuena, El Puèikora izan ezik, beste eliza guztietara ametsetako eskailera berdinak jaitsiz sartzen dela.
Clermonten katedrala gotikoa da, baina basilika zaharra erromanikoa da, eta Alier ibaiaren ondoan dago. Portuko Ama Birjinari eskainia, eliza zoragarria, izugarri haundia eta ederra da, UNESCOk gizateriaren ondare izendatua. Baina ez zen «hura»; hala ere, kripta bat daukanez, ikustera jaitsi ginen.
Ai! bere kripta zen, ibaira begira daukan ate txikiarekin, bera erromesalditik iristean bertatik sartzen zena. Nik etxetik irten aurretik egindako marrazkiari begiratzen nion eta ezin nuen sinetsi, zehatza zelako. Hala ere, ez zegoen marmol zurizko estatuen arrastorik ere. Gida bat aurkitu genuen eta ea han estatuarik egon ote zen galdetu genion. Berak baietz erantzun zigun, baina Iraultzaren hasieran, han oso bortitza izan zela eta, Reimseko katedralera eraman zituztela, apurtuko ote zituzten beldurrez. Marmol zurizko estatuak ziren eta oraindik Reimsen daude!
Kripta bai, baina eliza ez zen «eliza». Herriz aldatu eta Issoire bisitatu genuen. Ederra, ametsekoaren antz apur bat zuen, baina ez zen.
Amore ematea erabaki genuen eta Bartzelonarako bidea hartuta genuela, nire kopilotuak «Hemen Briouden badago beste bat, Gidak oso handia dela dioena» esan zuenean. Niri gelditzeak ere alferkeria ematen zidan, baina, onartu egin nuen.
Hauxe zen! Nik Mariona alde batetik bestera korrika ikusten nuen, xehetasun asko identifikatzen; «Ate honek sakristiara eramaten du» esaten zuen, eta hala zen. Zehatz-mehatz, bere ametsetako eliza zen, baina argitu beharreko desberdintasun garrantzitsu batzuk zeuden: Lehenik eta behin, klaustrora zihoala esaten zuen ateak kalera ematen zuen. Sakristauari kontsulta egin genion, eta honek esan zigun klaustroa 1789ko Iraultzaren ostean hain zegoela egoera txarrean ze, 1840an eliza berreraikitzean, eraitsi zutela.
Bere ametsetan, berak bere burua alboko ate baten atarian zutik ikusten zuen eta aldarea bere aurrean ikusten zuen, elizaren gurutzean bertan; Orain ordea, horma leuna da, ate arrastorik gabe, eta aldarea gorago dago, absiderantz. Sakristauak guztiz harritu gintuen, urte batzuk lehenago aldarea mugitu zutela kontatu zigunean, Aita Santuak meza jendeari begira emateko gomendatu zuenean, eta, ateari dagokionez, ametsetan ikusi zuen lekuan bat bazegoela entzun zuela, baina ehun bat urte lehenago itxi zutela. Denborarekin, atearen arrastoak hormatik desagertu egin ziren, baina kanpoan hormako atea egon zen tokira zihoazen eskailera batzuk aurkitu genituen.
Logikoa zen bezala, zintzilikari eta tapiz preziatuak Iraultza garaian desagertu ziren, baina misterio handi bat gelditzen zen: ametsetako eliza iluna zen eta Saint Julien de Brioude, berriz, oso basilika argia da gaur egun. Ezin genuen ulertu.
Hurrengo bidaian elizaren jatorrizko planoak aurkitu genituen. Gaur egungo elizaren berdin-berdinak ziren, eraikinari argi handia ematen zioten leiho altuen lerroekin. Ametsaren iluntasuna are gutxiago ulertzen zen.
Enigma, Briouderen Almanakean egin nuen kontsulta baten bidez argitu zen. 1840an San Julianen berreraikitzea azaltzen zuen atal bat aurkitu nuen. Arkitektoak, planoen arabera, eliza hasierako diseinura egokitzea erabaki zuen. Horretarako, 1550ean erdiko eta alboko nabeak iragazgaizteko eraikitako bigarren arbelezko estalkia bota behar izan zuen. Antza denez, euri larregi sartzen zen eta. Pieza bakar batean eraiki zuten eta erdiko nabeko leiho altuak blokeatuta gelditu ziren.
Briudako San Julian, erdiko nabea.
Bakarrik alboko nabeek argiztatuta, eliza ilunduta gelditu zen 1550. eta 1840. urteen bitartean. Horrela, Marionaren oroitzapenak 1550. urtea eta 1789 iraultzaren urtearen bitartean datatuta gelditzen ziren, berak bizi zuen giroarekin eta bere burua jantzita ikusten zuen arropekin bat zetorrelarik.
Brioude inguruan Bageasseko ibaiaren bidea, kobazuloak, inguruko sumendi itzaliak, Clermonteko Portuko Ama Birjinaren erromes bideak, Trinitatearen ermita…dena!, guztia identifikatu genuen!
Halako aparteko aurkikuntza bat partekatu beharra genuen eta Ian Stevenson doktorearekin harremanetan jarri ginen, berraragitzeari buruzko liburu askoren egile ospetsuarekin. Berekin telefonoz hitz egin nuen; Kanadarra zen eta, baina Ingalaterran zegoen, Society for Psychical Research-eko presidente izendatu zuten eta. Nire lana zela eta Londresera bidaia bat aprobetxatuz, 1989ko otsailaren 8an, bere bulegoan hartu gintuen, zorioneko egendak!. Harrituta geratu zen. Hiru bat mila berraragitze kasu posible aztertu zituen eta gurea zen zehatzenetariko eta egiaztagarrienetariko bat eta.
2013an, Scientific American webguneak Jesse Bering irakaslearen artikulu bat argitaratu zuen esanaz: «Stevensonen lanak ezarri zuen berraragitzearen existitzeko probabilitate estatistikoa ikaragarria dela, pilatutako ebidentziak ez direlako zientziaren beste edozein adarretakoak baino txikiagoak kontutan hartuta».
«Vent d‘alliberament, guia per a viure lliure i conscient» («Askapen haizea, libre eta kontzienteki bizitzeko gida»). Liburuaren zatia. Egilea: Jordi Griera. Lortu nahi izanez gero, bisitatu: https://griera.org
Euskarazko itzulpena: Fran Olea.