Gestalt Terapia: zikloak ixteko artea.
Modeloa: Carlota Wetzel. Argazkia: Marc Wetzel.
Gida & Ocio Lleida, 2005eko apirila.
Sendatzea.
Gestalt Terapia: zikloak ixteko artea.
Askok dauzkagu nola amaitu ez dakizkigun geure bizitzako zikloak. Gure haurtzaroko gertakari traumatikoak, familia-dinamika jakin batzuek, gure heziketa edo hazketaren gabeziak edota gehiegikeriak, tratu txarrak, galerak, eta abar, etorkizunean, derrigortasunak, mendekotasunak eta depresioak sor diezazkiguketenak. Gestaltek gure ereduez eta guk geuk sortu dugun pertsonaiaz jabetzera gonbidatzen gaitu, eta zikloak modu egoki batetan ixten laguntzen digu. Erakusleiho baten aurrean gaude eta gustatzen zaigun zerbait ikusten dugu. Zer gertatzen da gure arreta objektu horretan jartzen dugunean? Ikusi egiten dugula, lehen plano batetan hautematen dugula, baina ostean, atzeko plano bat dago, eta han egon daitezkeen edota gerta daitezkeen milaka gauzaren testuinguru bat dago hain zuzen ere: erakusleihoan askoz objektu gehiago daude, denda barruan jendea dago, aldamenetik igarotzen den jendea, geltokian gelditzen den autobus bat, izkina batean berriketan dauden bi gizonezko… Azken baten, atzealdetik edo testuingurutik gure arreta bereganatzen duen forma bat agertu da eta orain, lehen planoan dago.
Gestalt terapia, atzeko plano eta formen nozio honetan oinarritzen da, gure beharrak nola asetzen ditugun azaltzeko. Adibidez, pertsona bat egarri da. Hori da forma: atzealdetik lehen planora pasatu den behar izan bat. Premiazkoa da agerpen fisiko gisa sortu den egarri hori asetzea. Berehala, pertsonak kontzientzia hartzen du: «Egarri naiz». Aktibatu egiten da eta ura lortzeko mugitu egiten da. Azkenean lortzen du, edaten du eta beharra asetzen du. Egarriaren zikloa edo “forma” itxi da. Hau dena terapia honen adierazgarri argi bat da. Gestaltek “forma edo konfigurazioa” esan nahi du, eta bere helburua jendeari zikloak ixten laguntzea da. Baina, batzuetan, amaitu gabeko zikloak ixtea ez da hain erraza izaten, egarriaren adibidean bezala: bizitzan itxi ezin izaten diren bizi-zikloak daude, agian umeak ginelako eta ez genekielako nola egin. Haurtzaroan bizitako zailtasunak eta haiei aurre egiteko erabilitako moduak, nola bete ez dakien barruko hutsuneak sor ditzakete pertsonarengan. Orduan hasten dira konpultsioak, mendekotasunak edota depresiora joten da… sintomak asko izan daitezke. Nola itxi ziklo hau?
Esperientziazko terapia bat.
Gestalt terapian gaixoa ez da bakarrik gertatzen zaionari buruz hitz egitera mugatzen. Terapeutak, lehenik eta behin, pazientea, bere arreta hona eta orainaldira ekartzera gonbidatzen du, bere sentsazioetara, bere gorputzera, bere keinuetara. Hortik aurrera, hainbat baliabide proposa diezazkioke sentsazio bati ahotsa emateko: «estutasun bat sentitzen dut bularrean», dio pazienteak. Terapeutak zerk zapaltzen duen ikus dezala proposatzen dio. Adibidez, harkaitz itzel bat izan daiteke. Pazienteak harkaitz horri ahotsa eman diezaioke. Ahotsa balu, zer esango luke? Horrela, Gestalt saio batean, esperientzia-terapia bat denez, gaixoa esperientzia hori bizitzera gonbidatzen da, eta ez bakarrik horretaz hitz egitera. Bizi duguna integratzeko hitzak ezinbestekoak diren arren, kontuz ibili behar dugu oinarrizkoa denetik aldendu ez gaitzaten, hizketan gertatzen ari denaren diskurtsoak eta ideologia egiteko joera dugu eta. Beraz, terapeutak ere bere arreta jarri behar dio pazienteak esperientzia hori nola bizi duen. Gestalten esaten da guk pertsonok bizitzako egoera ezberdinei aurre egiteko jarrerak hartzen ditugula, baina, askotan jarrera hauek benetan garenaren “faltsutzeak” izaten dira. Egoera bati, justizia posiziotik, jarrera diktatorialetik, salatzailetik, oldarkorretik, inbaditzailetik, biktimatik… aurre egiten dion pertsonaia bat sortu dugu. Baina benetan horrelakoak al gara ba? ala horrelakoak izatea komeni zaigu? Zentzu honetan, Gestaltek pertsona patroi hauetaz jabetzera eta bere erregistro guztiak ezagutzera gonbidatzen du, izan ere, aitortu eta onartu ondoren, erregistro guztiak baliabide bihurtzen dira eta.
Terapia baliabideak.
Imajina dezagun bere gurasoekin erlazionaturiko haurtzaroko eszenei buruz oraindik emozio gogorrak bizi dituen paziente baten kasua. “Arazoa” dagoenekoz bere gurasoak hilda daudela… Nola ixten da ziklo hori? Batzuetan gaixoa urteetan zehar bere barruan gordeta eta erreprimituta daukan guztia ateratzera gonbidatzea bezain erraza da (horregatik sentitzen du bularrean estutasuna).
Horretarako, Gestaltek baliabide ugari erabiltzen ditu, denak oso irudimen handikoak: teknika psikodramatikoak edo adierazgarriak, bistaratzeak, gidatutako fantasiak edo aulki beroaren eta aulki hutsaren teknika, beste askoren artean.
Horrela, gaixoa aulki beroan eser daiteke eta aita aulki hutsean jar dezake. Adierazi ezin izan dion guztia esateko ordua da. Gaixoak bere zama kentzen du… eta gero aulki hutsera mugitzen da, aitaren lekua hartuz.
Zer esango lioke bere aitak? Zer gertatzen zitzaion benetan? Agian ezin izango du saio bakar batean dena konpondu, baina gaixoak ikuspuntu berriez jabetzeko eta konturatzeko aukera izango du eta daraman zama arintzea lortuko du. Momentu honetan formak energia galtzen duenean, eta pixkanaka-pixkanaka, bigarren planora pasatzen denean, orduan zikloa itxiko da.
Testua: Joan Garriga (Bartzelonako Gestalt Institutuko zuzendaria).
Terapiak, ikastaroak eta prestakuntza Lleidan: Coaching Lleidan i Isuri Gestalt Lleidan. Chus Borrell Feliu.
Itzulpena euskarara: Fran Olea.
Guía & Ocio Lleida aldizkarian argitaratua. 2005 apirila. 39. zenbakia. 128. 129. orrialdeak.